Argixao Egoitzako erabiltzaileek “Desioen Basoa” jardura multisentsoriala jaso dute

Matia Fundazioaren Zumarragako Argixao egoitzako 15 erabiltzailek parte hartu dute BSTK Basotik Fundazioak eskaintzen duen sentsibilizazio-jardueran.
Atzo, astelehenean, ekainaren 9an, BSTK Basotik Fundazioak jarduera berezi bat eskaini zien Matia Fundazioaren Zumarragako Argixao Egoitzako erabiltzaileei, basoen balioaz eta haien zaintzaz sentsibilizatzeko helburuarekin. Guztira, 15 lagunek parte hartu zuten “Desioen Basoa” izeneko saioan, basoekin lotura indartzeko esperientzia multisentsorial batean.
Jarduera hau BSTK Basotik Fundazioak 3. sektore sozialeko eragileekin garatzen dituen sentsibilizazio-ekintzen barruan kokatzen da, eta helburua da basoa egoiliarrengana gerturatzea, ikusmenaren, entzumena, usaimena, dastamena eta ukimenaren bitartez. Saioa bideo baten proiekzioarekin hasi zen, Gipuzkoako basoen aniztasuna eta funtzioak erakutsiz. Ondoren, basoko soinuak entzunez eta landare usainak arakatuz, parte-hartzaileek zentzumen bidezko bidaiari ekin zioten. Dastamena eta ukimena lantzeko, basotik datozen fruituak dastatzeko aukera eta espezie ezberdinen egur zatiak ukitzeko tartea izan zuten. Azkenik, landatu ahal izango duten bertako haritzaren (Quercus robur) zuhaixka jaso zuten, Gipuzkoako basoentzako ekarpen gisa.
BSTK Basotik Fundazioa basoen kudeaketa jasangarria sustatzeko sortu zen, Gipuzkoako lurralde-oreka berdea bermatzeko eta basoen abandonuari aurre egiteko helburuarekin. Klima-aldaketaren testuinguruan, funtsezko erronka da basoak balioan jartzea eta herritarrak haien kudeaketa arduratsuan inplikatzea. Fundazioaren arabera, sentsibilizazio-lanak ezinbestekoak dira gizartearen eta naturaren arteko zubiak eraikitzeko eta basoak zaintzea gizartea bera zaintzea ere badela kontzientziatzeko.
Zumarragako egoitzan egindako saio honek erakusten du naturarekin harremana berreraikitzeko adinik ez dagoela, eta basoek, oraindik ere, bizipenak eta emozioak eragiteko gaitasun handia dutela.
Zer egin dezakezu zuk
Gipuzkoako ingurumenaren eta biodibertsitatearen babesaren aldeko borroka honetan?


Ingurumenarekiko konpromisoa guztiona da.
Eskerrik asko
