Gipuzkoak ongizatearen desioa landatu du lurraldearentzat Basoen Nazioarteko Egunean

BSTK-basotik-Basoa Gara jardunaldia

Basotik komunitateko 60 bat pertsona bildu dira gaur Orion zuhaitzak landatu eta desioak eskatzeko, Gipuzkoako Desioen Basoa biziberrituz.

2025/03/21

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Basotik Fundazioa basoen kudeaketa iraunkor eta aurreratuagoa bultzatzeko sortu zen, basoak abandonatzea eta horrek klima-aldaketaren testuinguruan dakartzan arriskuak saihesteko. 2024ko otsailean martxan jarri zenetik, 750 familiak baino gehiagok interesa agertu dute ekimenarekiko, eta dagoeneko 1.000 hektarea baso-eremu baino gehiago kudeatzen ditu, kopuru horrek etengabe gora egiten jarraitzen duelarik. Kudeaketa horrez gain, fundazioaren helburu nagusia herritarrak basoen zaintzaz kontzientziatzea eta hauek ongizate integralaren ikuspegitik erabiltzea sustatzea da. Horretarako, Basotik Fundazioak 20 ekintza baino gehiago garatu ditu urte honetan zehar, 840 pertsona baino gehiagoren parte-hartzearekin.

Basoen Nazioarteko Eguna eta fundazioaren urteurrena aprobetxatuz, Basotik Fundazioak hainbat eragile eta pertsona bildu ditu Orion Gipuzkoako Desioen Basoan ongizaterako desioa landatzeko: basoen jabeak ez ezik, hainbat erakunde eta talde bildu dira, hala nola Uliazpi eta Egogain egoitzetako ordezkariak (non 2024an zehar baso-terapia eta tailerrak garatu diren), Maite Peña Gizarte Politiketako diputatua, Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatua, Euskadi-Laboral Kutxa Fundazioa (Basotik Fundazioaren babesletzapean dagoen emakumezkoen taldea), Izan Iñurri minbiziaren aurkako elkartea, The Forest Therapy (baso-terapien arduraduna), Basque Culinary Center-eko zuzendaritza eta ikasleak (10 hektarea birlandatzeko akordioa sinatu dute), Baserria KM 0 (Apadrina un Árbol programaren baitan Legazpin landaketa bat burutu dute) eta Orioko udaleko ordezkariak, Gipuzkoako Baso Elkartea eta Basoa Fundazioa.

Guztira, 60 lagunek hartu dute parte Gipuzkoako Desioen Basoa biziberritzeko, eta horrela, Basoen Astearen itxiera borobila eman diote. Aste honen helburua Gipuzkoako basoen zaintzaren inguruko hausnarketa sustatzea izan da, gure ongizate integralean eta lurraldearen oreka berdearen kontserbazioan duten funtsezko rola azpimarratuz.

Zer egin dezakezu zuk

Gipuzkoako ingurumenaren eta biodibertsitatearen babesaren aldeko borroka honetan?

Parte hartu gure jardueretan
Lagun iezaguzu gure kausaren berri ematen

Ingurumenarekiko konpromisoa guztiona da.

Eskerrik asko