Basotik-ek bere lehen Batzarra ospatu du Donostian eta BasoHUB aurkeztu du
Basotik-ek bere lehen Batzarra ospatu du Donostian eta BasoHUB aurkeztu du, baso-kudeaketa jasangarrian lankidetza multisektoriala bultzatzeko gune berria
BSTK Basotik Fundazioa, Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatuta, bere lehen Batzar Orokorra ospatu zuen joan den uztailaren 10ean, Donostiako Kursaal Biltzar Jauregian. Ekitaldian 170 lagun baino gehiago bildu ziren, baso-jabeak eta sektoreko eragileak tartean. Topaketaren baitan, Fundazioaren urte eta erdiko ibilbidearen balantzea aurkeztu zen eta, era berean, BasoHUB proiektu estrategikoa ofizialki aurkeztu zen, Gipuzkoan baso-kudeaketa kolektibo eta jasangarria bultzatzeko lankidetza multisektorialaren aldeko apustu berria.
Ekitaldiari Xabier Arrutik ekin zion, BSTK Basotik Fundazioko presidentea eta Lurralde Orekako Foru Diputatuak. Haren esanetan, “lehen urte eta erdiko esperientziak erakutsi digu beharrezkoa dela eragile sozial, ekonomiko eta basogintzakoen arteko harremanak ikusarazteko eta konektatzeko eraginkortasun handiagoa duen esparru bat sortzea; horrela, gure ekintzen eragina biderkatu ahal izango dugu”. Arrutik azpimarratu zuen BasoHUB izango dela eragile guztiak biltzeko eta berrikuntza-proiektuak garatzeko espazio katalizatzailea, bost ardatz estrategikotan oinarrituta: osasuna eta ongizatea, parte-hartze soziala, kultura eta lurraldearen nortasuna, I+G+b baso-kudeaketari aplikatua, eta bioekonomia eta deskarbonizazioa.
Ondoren, Fundazioaren gerente den Jon Ander Ostolazak orain arte bildutako datu nagusiak aurkeztu zituen. Nabarmendu zuen 800 familia inguruk proposamen bat eskatu diotela Basotiki, 200 proposamen aurkeztu direla, eta horietatik 130 baino gehiago onartu direla, beste askok erantzuna jasotzeko zain jarraitzen duten bitartean. Onarpen-tasa %85ekoa da. Gaur egun, Fundazioak 1.000 hektarea baso baino gehiago kudeatzen ditu. Ostolazak balioan jarri zuen diziplina anitzeko talde teknikoaren sendotzea, urtebetean bere tamaina bikoiztu duena, eta horri esker baso-jabeei gertutasunez, eraginkortasunez eta modu pertsonalizatuan erantzun ahal izan zaie.
Eguneko une hunkigarrienetako bat izan zen “Basotik Gipuzkoarentzat” izeneko aurkezpena. Bertan, Fundazioak lehen urtean antolatutako 23 jarduerak azaldu ziren, 900 pertsona inguruk parte hartu dutelarik. Nabarmendu zen Basotik-ek gizarte eta ingurumen-ongizatean duen eragina, eta baita 26 eragile ezberdinekin sareak ehuntzeko duen gaitasuna ere.
Bloke horretan, Basotikekin lankidetzan aritu diren hainbat eragileren testigantzak ere entzun ziren, ingurumen-hezkuntza, baso-terapia edo naturarekin lotutako kirolak bezalako jardueretan parte hartu dutenak. Besteak beste, Haritz Gorriti (irakaslea), Amaia Agote (baso-bainuen formatzailea) eta Aitor Galdós (Fundación Euskadiko txirrindulari taldeetako zuzendaria) izan ziren, gizartearen eta baso-ingurunearen arteko loturak dituen onurak partekatu zituztenak.
Ekitaldiaren amaieran, BasoHUBen aurkezpen ofiziala egin zen. Hau Gipuzkoako Foru Aldundiak aitortutako ekimen estrategikoa da, eta berrikuntza basogintzaren arloan erreferente bihurtzea du helburu. Ostolazaren hitzetan, “BasoHUB ezagutzaren eta praktikaren artean, sektoreen eta gizartearen artean, jasangarritasunaren eta landa-garapenaren artean zubiak eraikitzeko jaio da”.
Azken hitza Eider Mendoza, Gipuzkoako ahaldun nagusia izan zen. Bere hitzaldian, baso-jabeek erakutsitako konpromisoa eta epe luzeko ikuspegia eskertu zituen eta azpimarratu zuen “basoak kudeatzea ez dela soilik kontu teknikoa, belaunaldiz belaunaldi transmititzen den ondare bat baizik, gizarte osoaren ongizatea bermatzeko ezinbestekoa”.
Jardunaldia aperitibo batekin amaitu zen, bertaratuek iritziak partekatzeko eta proiektuaren inguruko harremanak sendotzeko aukera izan zuten giro informalean.
Basotik Gipuzkoarentzat
Basotik-ekin, ingurune naturalaren zaintzan eta lurralde jasangarri baten aldeko konpromisoa duen komunitatea ari gara eraikitzen.
Zer egin dezakezu zuk
Gipuzkoako ingurumenaren eta biodibertsitatearen babesaren aldeko borroka honetan?
Ingurumenarekiko konpromisoa guztiona da.
Eskerrik asko