Basotik Behatokia martxan da

Gipuzkoa basoa airetik

Gipuzkoako gizarteak basoen kudeaketa arduratsua eskatzen du

2026/02/18

Gaur aurkeztu dugu Basotik Behatokia, Gipuzkoako Foru Aldundiko Prentsa Aretoan egindako prentsaurrekoan. Tresna berriak helburu argi bat du: basoen inguruko erabakiak, komunikazioa eta pedagogia ebidentzietan oinarrituta eraikitzea, eta, horrela, ulermena, konfiantza eta hobekuntza jarraitua sendotzea. Aurkezpenean parte hartu dute Xabier Arrutik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko foru diputatuak, eta Jon Ander Ostolazak, BSTK Basotik Fundazioaren zuzendari nagusiak.

Basotik Behatokia BasoHub proiektu estrategikoaren aterkipean sortu da. BasoHub BSTK Basotik Fundazioaren lankidetza-espazioa da, basoa Gipuzkoaren eraldaketa jasangarriaren ardatz bihurtzeko: zientzia, berrikuntza, kultura, gizarte-partaidetza eta ekonomia zirkularra lotzen dituen polo moduan. Testuinguru horretan, Behatokiak ezagutza-sistema gisa funtzionatuko du, basoaren inguruko pertzepzioak, beharrak eta esperientziak neurtu eta interpretatzeko, eta horren bidez, erakundeek eta sektoreak egiten duten lana hobeto azaldu eta hobetzeko.

Xabier Arrutik gogorarazi du Basotik Fundazioaren jardunaren muina “basoen etorkizuna bermatzea” dela, kudeaketa profesional eta iraunkorraren bidez. Horrek esan nahi du Gipuzkoako baso ondarea babestea ikuspegi integralean: biodibertsitatea eta klima-aldaketaren aurkako lana indartuz, bioekonomia bultzatuz baliabideen erabilera jasangarriaren bitartez, eta basoa ongizaterako eta osasunerako funtsezko espazio gisa ulertuz.

Behatokiaren lehen urrats gisa, gaur bi inkestaren emaitzak aurkeztu dituzte. Batetik, Gipuzkoako gizarteari egindako inkesta, baso-kudeaketari buruzko ezagutza, jarrerak eta pertzepzioak aztertzeko. Bestetik, Basotikekin sinatu duten baso-jabeei egindako asebetetze-inkesta, haien esperientzia, itxaropenak eta balorazioa jasotzeko. Ostolazak nabarmendu du bi begirada horiek ezinbestekoak direla: “Gizartearen pultsua ezagutzea funtsezkoa da komunikazioa eta pedagogia zuzen bideratzeko, eta baso-jabeen esperientzia zuzena jasotzea ezinbestekoa da konfiantza sendotzeko eta zerbitzua etengabe hobetzeko”.

Gizarte-inkestak (355 pertsonari egina, 2025eko abendutik 2026ko urtarrilera) erakutsi du basoen inguruan informazio-behar handia dagoela: inkestatutakoen %86,5ek adierazi du ez duela edo oso gutxi ezagutzen Gipuzkoako basoen egungo egoera. Zaintzaren inguruan, iritziak ez daude erabat lerrokatuta (%41ek uste du basoak ondo zainduta daudela; %26k kontrakoa; %33k ez daki), eta alde nabarmena ageri da landa-inguruneko pertsonen artean: talde horretan %64k dio basoak ez daudela ondo zainduta. Hala ere, inkestak oinarri komun garrantzitsu bat ere azaleratu du: gehiengo zabalak ulertzen du kudeaketa eta zaintza lotuta doazela (%66k dio basoa kudeatzea basoa zaintzea dela). Horrez gain, jasangarritasunaren eta plangintzaren ikuspegitik planteatzen denean, adostasuna oso handia da: %92,6k dio basoa zaindu eta egurra modu planifikatuan atera daitekeela, %80,5ek onartzen du erauzketa jasangarria izan daitekeela, eta %83,5ek Gipuzkoako egurra lehenetsiko luke jasangarritasuna bermatzen bada. Basotik Fundazioari dagokionez, ezagutza-maila oso baxua da (%88,4k ez zuen Basotik ezagutzen), baina zer egiten duen azaldu ondoren, %93k bere lana nahiko edo oso beharrezkotzat jo du.
 

Baso-jabeen inkestak (102 erantzun, 2025eko urriko bigarren hamabostaldian egina) Basotikekin bat egin duten familien esperientzia eta balorazioa jaso du. Profilari dagokionez, gehienak 50–80 urte artekoak dira, eta baso-jabe izatera iristeko bide ohikoena herentzia da (%85). Fundazioarekin bat egiteko arrazoi nagusietan ageri dira adina (%32,8), denbora falta (%27,4) eta ezagutza falta (%20,1), hau da, eguneroko zaintza eta kudeaketa aurrera eramateko zailtasun praktikoak. Emaitzek, hala ere, mezu oso argia utzi dute: %99 pozik agertu da Basotikekin sinatu izanarekin, eta %99k beste baso-jabe bati gomendatuko lioke. Baso-jabeek, batez ere, kudeaketa profesionala espero dute (%43), balio ekologikoa indartzea (%37,4) eta informazioa eta laguntza (%12,2). Atxikimendu-prozesua ere oso ondo baloratu da: %73,3k kontratua sinatzeko modua “oso erraza” dela esan du, eta jasotako proposamena %53k “oso egokia” dela adierazi du.

Basotik Behatokiaren emaitzek komunikazioa eta pedagogia egokitu eta indartzeko balioko dute, herritarrak basoen zaintzan parte aktibo bihurtzeko. Testuinguru horretan, Fundazioak hainbat jarduera eta hezkuntza-programa antolatu ditu, baita basoa gipuzkoarrengana hurbiltzeko diseinatutako esperientziak ere.

Zer egin dezakezu zuk

Gipuzkoako ingurumenaren eta biodibertsitatearen babesaren aldeko borroka honetan?

Parte hartu gure jardueretan
Lagun iezaguzu gure kausaren berri ematen

Ingurumenarekiko konpromisoa guztiona da.

Eskerrik asko