Basotik eta Real Sociedad Fundazioak elkarrekin bat egin dute Desioen basoaren landaketan
Elkarlan honi esker herritarrek Aian larre zahar bati baso autoktonoaren etorkizuna eman diote 300 pertsona bildu dituen Desioen basoaren jaialdiaren baitan
Real Sociedad Fundazioak eta BSTK Basotik Fundazioak “Desioen Basoa” landaketa parte-hartzailea ospatu dute gaur Aian, Gipuzkoako basoak zaintzeko elkarlan berri baten lehen ekintza gisa. Guztira 220 lagunek hartu dute parte landaketan eta, 300 pertsona inguru bildu dira festa-gunean.
Ekimenak helburu bikoitza izan du: batetik, herritarrei basoen zaintzan parte hartzeko aukera luzatzea eta bestetik, biodibertsitatea, lurzorua eta lurraldearen ongizatea sustatzea. Parte-hartzaileek desio bat idatzi dute eta bertako haritz bana (Quercus robur) landatu dute, 6 hektareako eremu batean.
Honela, “Desioen Basoa” ekimenarekin, lursail horrek baso autoktono baterantz eraldatzeko bidea abiatu du: harizti gazte baten sorrera, lurraren egonkortasuna hobetzeko eta biodibertsitateari aukera gehiago emateko.
Xabier Arruti Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko foru diputatua bertan izan da, Ainara Muga Real Sociedad Fundazioko proiektu arduraduna, Jon Ander Ostolaza, Basotik Fundazioko gerentea Aintzane Encinas, Realeko ordezkari instituzionala eta futbolari ohia, eta Jon Ander Azpiroz, Aiako alkatearekin batera.
Arrutik azpimarratu du “Basotik Gipuzkoako basoak zaintzeko sortu da, eta horrek ingurumena eta biodibertsitatea babestea ez ezik, pertsonen ongizate integrala eta bioekonomia iraunkorra indartzea ere esan nahi du. Gaurkoak argi erakusten du bidea zaintza partekatua dela: erakundeak, eragileak eta herritarrak norabide berean, Gipuzkoa berdeago baten aldeko bidean.”
Bestalde, Ainara Muga Real Sociedad Fundazioko proiektu arduradunak lurraldearekiko atxikimendua nabarmendu du, “Real Sociedad Fundazioaren helburu nagusia gipuzkoarren ongizatean eragin positiboa izan dezaketen ekimenak sustatzea da eta, ekintza honekin, ingurumenaren bitartez lortzen dugu helburu hori.”
Ekitaldia Aiako Ubegun industrialdean hasi da, eta parte-hartzaileek oinez egin dute landaketa gunerainoko ibilbidea. Topagunean, giro familiarrean, tailerrak, puzgarriak eta pintxoak eskaini dira. Basotik eta Real Sociedad Fundazioak elkarlan honi jarraipena emango diote, Gipuzkoan biodibertsitatea, espezie ezberdinen arteko oreka eta inguru natural osasuntsu baten aldeko urratsak ematen jarraitzeko.
Zer egin dezakezu zuk
Gipuzkoako ingurumenaren eta biodibertsitatearen babesaren aldeko borroka honetan?
Ingurumenarekiko konpromisoa guztiona da.
Eskerrik asko