BSTK Basotik Fundazioak jantziko du Itzuliko mendizalerik onena

Basotik Fundazioa, Itzulia Basque Countryren babeslea izango da 2026 urtean

Gaur aurkeztu da Bergaran Itzuliaren 65. edizioa, apirilaren 6an Bilbon abiatuko dena. Basotik Fundazioak lurraldearekiko eta euskal kirolarekiko konpromisoa berretsi du, lasterketako eskalatzailerik onena jantziz.

2026/03/26

Gaur eguerdian, Bergarako Seminarixoa, munduko txirrindularitzaren epizentro bilakatu da 2026ko Itzulia Basque Countryren aurkezpen ofizialarekin. 

2026ko edizio honetan, BSTK Basotik Fundazioak protagonismo berezia izango du berriro ere podiumean. Izan ere,  aurten ere Mendiko Maillotaren babesle izango gara. Garaikur honek aurtengo 29 mendate puntuagarrietan (lehen mailako 4, bigarren mailako 7 eta hirugarren mailako 18) trebeena den txirrindularia sarituko du.  

Goi-mailako edizioa
2026ko Itzuliak ahaztezina izateko osagai guztiak ditu. Guztira 810,1 kilometroko ibilbidea eta 16.000 metrotik gorako desnibel metatua izango ditu, eta nazioarteko tropelaren izen handienak erakarriko ditu. Besteak beste, Juan Ayuso, Mikel Landa, Primoz Roglic eta Isaac del Toro txirrindulariek baieztatu dute jada Bilboko irteera-lerroan izango direla.

Ekitaldian zehar, amaiera Bergaran izateak duen kutsu sinbolikoa azpimarratu da, Lokatza ziklista elkartearen 50. urtemugarekin bat egiten baitu. Horrek auzolana eta talde-lana jarri ditu balioan; hain zuzen ere, BSTK Basotik Fundazioak bere baso-kudeaketa ereduan defendatzen dituen printzipio berak.

Gure identitatearekiko konpromisoa
Basotik Fundazioarentzat, Itzulian parte hartzea ez da babesletza soil bat, gure herriaren identitatea mundura zabaltzeko modu bat baizik. Txirrindularitzak gure geografiako txoko bakoitza zeharkatu eta balioan jartzen duen bezala, BSTK Basotik Fundazioan lanean ari gara gure basoak hurrengo belaunaldien birika eta harrotasun izaten jarrai dezaten.

Zer egin dezakezu zuk

Gipuzkoako ingurumenaren eta biodibertsitatearen babesaren aldeko borroka honetan?

Parte hartu gure jardueretan
Lagun iezaguzu gure kausaren berri ematen

Ingurumenarekiko konpromisoa guztiona da.

Eskerrik asko