Datozen hilabeteetan basoetan egingo diren lanak

Esku bat zuhaitz baten enborrean

BSTK Basotik Fundazioak aurrera jarraitzen du Gipuzkoako basoen kudeaketa jasangarria sendotzeko bidean.

2025/12/08

Datozen hilabeteetan, BSTK Basotik Fundazioak bi jarduera estrategiko garatuko ditu Gipuzkoako hainbat udalerritan: alde batetik, Fundaziora jo duten basojabeen lurren baso-diagnostikoak, eta bestetik, zuhaitz landaketak eta baso-masen berreskurapen lanak, dagoeneko

Fundazioarekin kontratua sinatu duten basojabeen lurretan.
Jaso diren eskaera guztiei aldi berean erantzutea ezinezkoa denez, lanak zonaldeka antolatuko dira, zonalde bakoitzean jasotako eskaeren zati bati erantzunez, eta jarduerak egingo diren lurren jabeekin zuzenean harremanetan jarriko da Fundazioa.

1. Baso-diagnostikoak

Basoen egoera xeheki ezagutzea ezinbestekoa da kudeaketa integral eta profesionala eskaintzeko. Horretarako, Fundazioko teknikariek baso-lursailak bisitatuko dituzte, honako alderdiak aztertzeko: espezieak, egitura, adina, egoera sanitarioa, aurretik egindako hobekuntzak, masa motak eta kubikazioa. Informazio horrek oinarri sendoa eskaintzen du ondoren basojabeekin adostuko diren kudeaketa-planak zehaztasunez egokitzeko.
Diagnostiko-lanak lau zonaldetan egingo dira:

  • Debagoiena eta Debabarrena
  • Goierri eta Urola Garaia
  • Urola Kosta
  • Bidasoa–Txingudi, Tolosaldea, Oarsoaldea, Buruntzaldea eta Donostia

 

 

2. Zuhaitz landaketak eta baso-berreskurapena

Diagnostikoetan jasotako informazioan oinarrituta, Fundazioak zuhaitz landaketak eta baso-masen berreskurapen lanak gauzatuko ditu, jasangarritasuna eta tokian tokiko baldintzetara egokitutako kudeaketa lehenetsiz. Guztira, 109,89 hektareako landaketak egingo dira, eskualde hauetan banatuta:

  • Debagoiena eta Debabarrena: 33,83 ha
  • Goierri: 18,15 ha
  • Urola Kosta: 43,77 ha
  • Bidasoa, Donostialdea eta Tolosaldea: 14,14 ha

 

 

Jarduera integratu baten ikuspegia

Bi lan-ildoak elkarren osagarri dira: baso-diagnostikoek ahalbidetzen dute landaketa-lanak lurzoruaren eta masa motaren benetako beharretara egokitzea. Horrela, BSTK Basotik Fundazioak utzita edo kudeaketarik gabe egon diren basoen kudeaketa profesional eta jasangarria bermatzen du, epe luzera basoen osasuna, biodibertsitatea eta iraunkortasuna sendotuz.
Fundazioaren misioarekin bat eginez, esku-hartze hauek funtsezkoak dira Gipuzkoako baso-ondarea zaintzeko, abandonua saihesteko eta etorkizuneko belaunaldiei baso osasuntsuak uzteko.

Zer egin dezakezu zuk

Gipuzkoako ingurumenaren eta biodibertsitatearen babesaren aldeko borroka honetan?

Parte hartu gure jardueretan
Lagun iezaguzu gure kausaren berri ematen

Ingurumenarekiko konpromisoa guztiona da.

Eskerrik asko