Dena prest BSTK Basotik Fundazioaren Lehenengo Batzar Orokorrerako

Basotik Fundazioaren Lehenengo Batzarraren kartela

200 baso-jabe inguru elkartuko dira Kursaalen.

2025/07/01

Foru Aldundiak sustatutako BSTK Basotik Fundazioak datorren uztailaren 3an, osteguna, ospatuko du bere Lehenengo Batzar Orokorra, Kursaal Jauregian, 16:30etik aurrera. Hitzordu garrantzitsua izango da, basoen kudeaketa kolektibo eta jasangarriaren eredua sendotzeko bidean.

Ekitaldiak 200 baso-jabe inguru elkartuko ditu Gipuzkoako lurralde osotik, eta fundazioaren urte eta erdiko jardunaren balantzea egiteko balioko du. Halaber, etorkizuneko erronka estrategikoak aurkeztuko dira, eta Gipuzkoako basoen orainaz eta geroaz hausnartzeko espazioa ere izango da.

Gipuzkoako basoen etorkizunari begirako programa

Gonbidatuen harreraren eta akreditazioen ondoren, Xabier Arruti, BSTK Basotik Fundazioaren lehendakaria eta Lurralde Orekako Foru Diputatua, izango da lehen hizlaria, fundazioaren lehen urratsei eta etorkizuneko erronkei buruzko gogoeta eskainiz.

Ondoren, Jon Ander Ostolaza fundazioaren gerenteak orain arte egindako lana aurkeztuko du, daturik esanguratsuenak azalduz eta hurrengo pausoak zehaztuz. Garrantzia berezia emango dio basoen kudeaketa profesional, integratu eta ingurumenarekiko arduratsuari, klima-aldaketaren edo baso-suteen gisako mehatxuei aurre egiteko tresna eraginkor gisa.

Jarraian, Alejandro Cantero, HAZI fundazioko baso-ingeniaria eta Euskal Autonomia Erkidegoko Baso Ingeniarien Elkargoko dekanoa, Gipuzkoako silvikulturaren bilakaerari buruzko ikuspegi zabala eskainiko du, azken urteetako eraldaketak eta erronka nagusiak azpimarratuz.

Ekitaldiak Basotik Gipuzkoarentzat izeneko atal bat ere izango du, basoek gizartearen ongizatean duten eragin zuzena aztertuko duena. Fundazioak egindako ekintza sozial ezberdinak aurkeztuko dira atal honetan.

BasoHUB: apustu estrategiko berria

Une esanguratsuenetako bat izango da BasoHUB izeneko proiektu estrategiko berria aurkeztea. Ekimen honen helburua da sektore anitzeko lankidetza sustatzea, basoen kudeaketa kolektibo eta jasangarriaren inguruan. Honako bost ardatz estrategikotan sakondu nahi du:

  • Osasuna eta ongizatea
  • Herritarren sentsibilizazioa eta parte-hartzea
  • Kultura, identitatea eta lurraldea
  • I+G+b basoen kudeaketan aplikatua
  • Bioekonomia eta deskarbonizazioa

Itxiera instituzionala eta aperitiboa

Batzarrari amaiera emango dio Eider Mendoza, Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak, etorkizunera begirako hitzaldiarekin, basoen kudeaketaren ikuspegitik. Ondoren, aperitibo txiki batek borobilduko du ekitaldia, baso-jabeen, teknikarien eta erakundeetako ordezkarien arteko elkargune gisa.

Batzar honen bidez, BSTK Basotik Fundazioak berresten du bere konpromisoa basoak babesteaz gain, komunitatea eraikitzen duen, iraunkortasuna sustatzen duen, eta Gipuzkoako natura-ondarea etorkizuneko belaunaldientzat bermatzen duen eredu baten alde.

Zer egin dezakezu zuk

Gipuzkoako ingurumenaren eta biodibertsitatearen babesaren aldeko borroka honetan?

Parte hartu gure jardueretan
Lagun iezaguzu gure kausaren berri ematen

Ingurumenarekiko konpromisoa guztiona da.

Eskerrik asko