BSTK Basotik Fundazioak Gipuzkoako profesionalak trebatu ditu natura zaintza-prozesuetan txertatzeko
BSTK Basotik Fundazioak bere gizarte-ekintza sendotu du; horretarako, Gipuzkoako 11 egoitza, eguneko zentro eta gizarte-erakundetako 27 profesional trebatu ditu, natura eguneroko jardunean txerta dezaten.
BSTK Basotik Fundazioak urrats berriak egin ditu naturaren onurak Gipuzkoako herritarrengana hurbiltzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiko Zaintza eta Gizarte Politiketako Departamentuarekin lankidetzan, fundazioak basoak, parkeak eta gertuko natura-guneak ongizaterako, zaintzarako zein laguntzarako baliabide bilakatzeko lan egiten du.
Basoa ez baita baliabide natural hutsa, ahalmen terapeutiko, hezitzaile eta sozial handiko espazioa ere bada. Horregatik, BSTK Basotik Fundazioak basoa pertsonengana hurbiltzea eta pertsonak basora erakartzea du helburu, modu eskuragarri, egokitu eta esanguratsuan.
11 zentrotako 27 profesionalek parte hartu dute saio praktikoan
Maiatzaren 22an, Gipuzkoako 11 zentrotako 27 profesionalek prestakuntza-saio praktiko batean parte hartu zuten, aurretik alderdi teorikoa jaso ondoren.
Trebakuntza honen xedea naturarekiko lotura lantzeko tresnetara lehen hurbilketa eskaintzea izan da, profesionalek baliabide horiek egunerokoan laguntzen dituzten pertsonekin erabili ditzaten.
Saioan erraz aplikatzeko eta egokitzeko moduko tresnak landu ziren: behaketa, entzumena, zentzumen-estimulazioa, ibilaldi lasaiak, presentzia kontzientea eta gertuko natura-guneen erabilera terapeutikoa.
Helburua ez da profesionalak baso-terapeuta bilakatzea, natura zaintza-, ongizate- eta laguntza-prozesuetan aliatu gise integratzeko oinarrizko lanabesak eskaintzea baizik.

Parte hartu duten zentroak
Prestakuntzan honako zentro hauetako profesionalek hartu dute parte:
Villabonako Santiago Egoitza, Errenteriako Sanmarkosene, Oiartzungo Aiton-Etxe Eguneko Zentroa, Kabia-Eibar San Andres, Donostiako Zorroaga Fundazioa, Arrasateko San Juan de Dios, Hondarribiko San Gabriel Egoitza, Donostiako Ballesol Easo, Zumaiako Otezuri, Bergarako Mizpirualde-Kabia eta Donostiako Berio Egoitza.

Natura eta ongizatea uztartzen dituen mugimendua Gipuzkoan
Gipuzkoako Foru Aldundiak 2022an sortua, BSTK Basotik Fundazioaren misioa lurraldeko basoen etorkizuna bermatzea da, kudeaketa jasangarri eta profesionalaren bidez. Aldi berean, basoek gizarteari eskaintzen dizkioten onurak indartzea du helburu.
Horretarako, fundazioak bi lan-ildo nagusi ditu: batetik, baso-ondarearen kudeaketa teknikoa; eta, bestetik, basoaren balioaren inguruko sentsibilizazioa eta gizarte-aktibazioa.
Bi urte eskasean, Basotikek 114 jarduera bultzatu ditu eta 2.799 pertsonarengana iritsi da, basoa espazio terapeutiko, hezitzaile eta komunitario gisa eta topo egiteko gune gisa sendotuz.
Basoa herritarrengana hurbiltzeko 114 esperientzia
Basotikek garatutako ekimenek agerian utzi dute basoak ongizatea, naturarekiko lotura eta baso-ondarearen zaintza partekatua sustatzeko duen indarra.
Baso-terapia saioek lasaitasuna, arreta eta ongizate emozionala sustatu dituzte; baso-bainuek estresa gutxitzen eta ingurunearekiko konexioa sendotzen lagundu dute; zentzumen- eta hezkuntza-tailerrek natura ikasleengana zein gizarte-kolektiboengana hurbildu dute; eta zuhaitz-landaketa solidarioek komunitatea mobilizatu dute, baso-ondare komuna zaintzeko erantzukizun partekatuaren inguruan.
Zentro eta egoitzetako profesionalei zuzendutako prestakuntza-ildo berri honekin, BSTK Basotik Fundazioak beste urrats bat egin du: natura pertsonengana modu puntualen hurbiltzeaz gain, lan-taldeek basoak, parkeak eta gertuko natura-guneak ongizaterako eta zaintzarako eguneroko baliabide gisa txertatzeko bidea ere sustatzen du.

Zer egin dezakezu zuk
Gipuzkoako ingurumenaren eta biodibertsitatearen babesaren aldeko borroka honetan?
Ingurumenarekiko konpromisoa guztiona da.
Eskerrik asko