Arrakasta handiz ospatu du Basotik Fundazioak antolatutako I. Basotik Txirrindulari Festa

I. Basotik Txirrindulari Festa

Lehen edizioak erantzun ezin hobea izan du: 500 txirrindulari baino gehiago elkartu dira, txirrindularitza eta baso-ondarea uztartu dituen festan.

2025/10/27

Gaur ospatu da Deban Basotik Txirrindulari Festaren lehen edizioa, Basotik Fundazioaren eskutik antolatua eta Euskadi Fundazioko emakumezko zein gizonezko txirrindulari profesionalen parte-hartzearekin. Eguraldia eta giro bikaina lagun, ehunka lagunek hartu dute parte ekitaldiak bere baitan hartu dituen bi ekintzetan: Zikloturista Martxa eta Txirrindulari Txiki Festa.

Ekimen hau Basotik Fundazioaren jardunaren baitan kokatzen da, eta haren helburu nagusietako bati erantzun dio: basogintzaren eta naturarekiko harremana sustatzea, gizarte- eta ingurumen-balioez jabetzeko. Basotik Fundazioak Gipuzkoako basoen kudeaketa jasangarria, ezagutza eta zaintza sustatzen ditu, eta Txirrindulari Festaren bidez, basogintzaren eta kirolaren arteko uztarketa erakutsi nahi izan du, ingurune naturala modu positibo eta parte-hartzailean bizitzeko gonbidapena eginez.

 

 

Bertaratuen artean, han izan dira Jon Ander Ostolaza, Basotik Fundazioko gerentea; Alazne Txurruka, Debako alkatea; eta Arantxa Ariztimuño, Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritzako eta Lurralde Orekako zuzendaria, baita, parte-hartzaileez gain, ekitaldiko protagonistak izan diren Euskadi Fundazioko txirrindulari profesionalak ere: Laboral Kutxa Team-eko Ane Santesteban, Idoia Eraso, Usoa Ostolaza eta Naia Amondarain; eta Euskaltel-Euskadi taldeko Jon Agirre, Nicolás Alustiza eta Xabier Isasa, baita 23 urtez azpikoen taldeko Aimar Galdos, Ander Otegi eta Yago Agirre ere.

Zikloturista Martxa hasi aurretik, Ane Santesteban txirrindulari profesionalari omenaldi txiki bat egin zaio, izan ere, duela aste gutxi batzuk txirrindularitza profesionaletik erretiratuko zela iragarri zuen. Errenterian jaioa eta 16 denboraldiz luzatu den ibilbidea eginda, Ane Santesteban, Laboral Kutxa Team-eko kidea, erreferente izan da lanerako sena eta jarrera eredugarria erakutsiz. Jon Ander Ostolazak, Basotik Fundazioaren eta antolaketa talde osoaren izenean, lore sorta bat eman dio, bere ibilbideari eta egindako ekarpenari aitortza eta esker ona adierazteko.

Jarraian, behin zinta mozketa egin eta gero, 89 kilometroko ibilbideari ekin diote izena eman duten 350 txirrindulariek, Debako Alamedan, festaren epizentroan, hasi eta Deban amaitu dena. Ibilbidean zehar Elgoibar, Azkarate Gaina, Garate eta Lasturretik igaro dira, eta bidean zehar ano eta elkartze guneak izan dituzte.

Txirrindulari Txiki Festan, berriz, txikienek 4 kilometroko ibilbidea egin dute Deban zehar, bide seguruetan eta trafikorik gabe, eta helduenek bezala, ibilbidearen erdian ano gunea izan dute. Horren ostean, hainbat elementuz osatutako bizikleta-zirkuituko ginkanan parte hartu ahal izan dute, bizikletaren gainean probak egiten eta dibertitzen jarraitzeko.

Behin Zikloturista Martxa helmugara iristean, parte-hartzaile guztiek parrilladaz gozatu dute, eta egunari amaiera borobila emateko zozketak egin dira. Zikloturista Martxan parte hartu dutenen artean, Euskadi Fundazioaren eskutik, txirrindulari profesional baten bizikleta eta Laboral Kutxa Team-eko emakumezkoen bi maillot eta kulote banatu dira. Bestalde, Txirrindulari Txiki Festako parte-hartzaileen artean, ORBEA ONNA 50 mountain bike bat, 23 urte azpiko taldearen maillota eta kasko bat entregatu dira, irabazleen artean poztasun handia eraginez.

Ekimen honek Basotik Fundazioaren ibilbidean mugarri bat ezarri du, txirrindularitza eta basoen zaintza uztartzen dituen festa bihurtuz. “Gure basoak ezagutzea eta baloratzea ezinbestekoa da etorkizun iraunkorra eraikitzeko. Txirrindularitza bezalako jarduera osasungarri eta sozial baten bidez hori egitea modu bikaina da”, adierazi du Jon Ander Ostolazak, Basotik Fundazioko gerenteak. Horretaz gain, esker onak adierazi dizkie antolatzaile eta boluntario lanetan aritu diren guztiei: Debako Udala, Amaikak Bat Debako txirrindulari taldea, Hazi, Baserria KM0, Oceta, Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioa eta Euskadi Fundazioko txirrindulari profesionalak.​​​​

Argazkiak ikusi

 

Zer egin dezakezu zuk

Gipuzkoako ingurumenaren eta biodibertsitatearen babesaren aldeko borroka honetan?

Parte hartu gure jardueretan
Lagun iezaguzu gure kausaren berri ematen

Ingurumenarekiko konpromisoa guztiona da.

Eskerrik asko