Fundazioa fase berri batean sartu da

Basotik, Gipuzkoako basoen etorkizunerako tresna estrategikoa

BSTK Basotik Fundaziotik 200 baso-jaberen 1.800 hektarea baino gehiago kudeatzen ditugu gaur egun, eta BasoHUBen bidez aliantza estrategiko berriak aktibatu ditugu basoen zaintza Gipuzkoako gizarte osoaren erronka partekatua izan dadin.

2026/06/24

BSTK Basotik Fundaziotik 2025eko balantzea, azken urteetako baso-lanen bilakaera, datozen hilabeteetako erronkak eta BasoHUBen bidez martxan ditugun aliantza estrategikoak aurkeztu ditugu Donostian egindako prentsaurrekoan. Agerraldian parte hartu dute Xabier Arrutik, Basotik Fundazioko presidenteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko diputatuak, eta Jon Ander Ostolazak, Fundazioko zuzendariak.

Bi urteko ibilbidearen ondoren, BSTK Basotik Fundazioa fase berri batean sartu dela esan dezakegu. Lehen urteetan zerbitzua egituratu, baso-jabeen eskaera jaso eta lan egiteko oinarriak finkatu ondoren, gaur egun baso-kudeaketa jasangarriaren emaitzak gero eta ikusgarriagoak dira Gipuzkoako mendietan. Horrez gain, BasoHUB egitasmoaren bidez, basoa gizarteko beste eremu batzuekin konektatzeko aliantza berriak aktibatu ditugu.
“BSTK Basotik Fundazioa Gipuzkoako basoen etorkizuna bermatzeko tresna estrategikoa da. Basoak CO₂ xurgatzeko, biodibertsitatea indartzeko, ekonomia zirkularra bultzatzeko eta herritarren ongizatea hobetzeko ezinbesteko espazioak dira. Basoak modu jasangarrian kudeatzea Gipuzkoaren etorkizuna zaintzea da”, adierazi du Xabier Arrutik.

Basozaintza Aurreratua: basoa kudeatzea basoa zaintzea da
BSTK Basotik Fundazioa behar argi bati erantzuteko sortu genuen: Gipuzkoako baso askok kudeaketa aktiboa behar dute, eta baso-jabe askok laguntza teknikoa, jarraipena eta bermeak behar dituzte beren basoen etorkizunari heltzeko.
Testuinguru horretan, BSTK Basotik Fundaziotik Basozaintza aurreratua indartu nahi dugu: kudeaketa profesionala, planifikatua, jasangarria eta epe luzeko ikuspegia uztartzen dituen eredua.

BSTK Basotik Behatokiaren kontsultek ere informazio-behar handia erakusten dute. Gipuzkoarren %86,5ek ez du ezagutzen, edo oso gutxi ezagutzen du, basoen egungo egoera; eta herritarren %66k uste du basoa kudeatzea basoa zaintzea dela. Datu horiek erakusten digute beharrezkoa dela informazioa, sentsibilizazioa eta baso-kudeaketa jasangarria indartzen jarraitzea.

200 baso-jabe eta 1.800 hektarea baino gehiago kudeaketan
BSTK Basotik Fundaziotik aurkeztu ditugun datuen arabera, hasieratik gaur arte 900 familia baino gehiagok erakutsi dute gure Fundazioaren parte izateko interesa. Gaur egun, 200 kontratu baino gehiago ditugu sinatuta, eta horien bidez 200 baso-jaberen 1.800 hektarea baino gehiago ari gara kudeatzen.

Datozen hilabeteetako erronka nagusietako bat izango da oraindik kudeaketa-proposamena jaso ez duten familia guztiei erantzuten jarraitzea. Gaur egun, 600 familia inguruk ez dute oraindik proposamenik jaso, eta beste 70 familia inguruk dagoeneko jaso dute proposamena eta erabakia hartzeko prozesuan daude.

“BSTK Basotik Fundazioa fase berri batean sartu da: azken urtean ia bikoiztu egin da baso-jabe kopurua, eta dagoeneko 200 baso-jaberen 1.800 hektarea baino gehiago kudeatzen ditugu. Orain, BasoHUBen bidez, Gipuzkoako eragile erreferenteekin aliantzak aktibatu ditugu, basoen zaintza gizarte osoaren erronka partekatua izan dadin eta basoek duten balioa herritarrengana hurbiltzeko”, adierazi du Jon Ander Ostolazak.
Basoen inguruko erabakiak ez dira egun batetik bestera hartzen. Familia-ondareari buruz ari gara, askotan belaunaldiz belaunaldi transmititutako basoei buruz. Horregatik, gure lana ez da kontratu bat aurkeztea soilik: zalantzak argitzea, aukerak azaltzea eta familia bakoitzari behar duen denbora eskaintzea ere bada.

Baso-jabeei informazio argiagoa eskaintzeko urrats berriak
Iaz baso-jabeei egindako inkestak ondorio argia utzi zigun: oro har, satisfazio-maila ona da, eta baso-jabeak pozik daude BSTK Basotik Fundazioaren parte izatearekin. Hala ere, eskaera zehatz bat ere jaso genuen: basoetan egindako lanak gehiago ikusi nahi dituzte, beren lursailen egoera ezagutu nahi dute, eta informazio argiagoa eta jarraipen pertsonalizatuagoa jaso nahi dute.

Horregatik, datozen hilabeteetan txosten pertsonalizatuak lantzen hasiko gara. Txosten horien bidez, familia bakoitzak bere lursailen egoera, egindako lanak eta aurreikusitako jarduerak modu argian jaso ahal izango ditu.
Baso-lanak gero eta ikusgarriagoak dira Gipuzkoako mendietan

Gure jarduera gero eta gehiago ari da islatzen basoetan bertan. Azken urteetan hazkunde nabarmena izan dugu landaketetan, garbiketa-lanetan eta aprobetxamenduetan.

Landaketei dagokienez, 2025ean 27 hektarea landatu genituen, eta 2026an dagoeneko 110 hektarea landatu ditugu.

Garbiketa-lanetan ere bilakaera esanguratsua izan dugu: 2025ean 78 hektareatan egin genituen lanak, eta 2026an dagoeneko 240 hektarea daude martxan edo planifikatuta.

BSTK Basotik Fundazioaren ikuspegitik, garbiketa-lanen helburua ez da basoa “garbitzea” edo landaredia guztia kentzea. Helburua oreka bilatzea da: zuhaitzen garapena erraztea, gehiegizko lehia saihestea, sute-arriskua murriztea eta biodibertsitatea errespetatzea.
Aprobetxamenduei dagokienez, 2025ean 16 hektareatan egin genituen lanak, eta 2026an 127 hektareako jarduerak ditugu prestatuta edo martxan. Aprobetxamenduak baso-kudeaketa jasangarriaren parte direla azpimarratu nahi dugu: ez dira soilik egurra ateratzeko jarduerak, baizik eta diagnostikoa, baimenak, plangintza eta ondorengo leheneratzea eskatzen duten esku-hartzeak.

“BSTK Basotik Fundazioak ez da kontratuak sinatzeko proiektu bat; basoak kudeatzeko eta zaintzeko tresna da. Gero eta neurri handiagoan ari gara helburu hori basoetan bertan gauzatzen”, nabarmendu du Ostolazak.

BasoHUB: basoa gizartearekin konektatzeko espazioa

Urteko balantzearekin batera, BasoHUB egitasmoaren garapena ere aurkeztu dugu. BasoHUB lankidetza-espazio irekia da, basoaren inguruan proiektu berritzaileak eta aliantza estrategikoak aktibatzeko sortua.
Gure helburua da basoa sektore forestaletik harago eramatea, eta ekonomiarekin, zientziarekin, berrikuntzarekin, gastronomiarekin, zaintzarekin, kulturarekin, kirolarekin, hezkuntzarekin eta herritarren parte-hartzearekin konektatzea.

Orain arte, BasoHUBen baitan 115 gizarte-ekintza egin ditugu, eta 3.000 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte zuzenean, besteak beste zuhaitz-landaketa herrikoietan eta pertsonen ongizaterako jardueretan.

“Gipuzkoako basoen zaintza ez da sektore bakar baten ardura. Baso-jabeak, erakundeak, zientzia, enpresak, gizarte-eragileak eta herritarrak behar ditugu. BasoHUBek elkarlan hori egituratzeko eta proiektu berriak sortzeko aukera ematen digu”, nabarmendu du Arrutik.

Aliantza estrategikoak Gipuzkoako basoen zaintza indartzeko
BasoHUBen esparruan, hainbat eragilerekin ari gara lanean, basoen balio ekologikoa, soziala eta ekonomikoa indartzeko.
Ikerketa eta berrikuntza forestalean, NEIKERrekin LIFE SILFORE proiektuaren bidez silbopastoreoaren eta biodibertsitatearen aukerak lantzen ari gara; HAZIrekin, REINFORCE proiektuaren baitan hostozabalen kudeaketa-ereduen bilakaera; eta UPNArekin, landaketen jarraipenerako GIS tresna.
Herritarren parte-hartzearen arloan, Real Sociedad Fundazioarekin zuhaitz-landaketa herrikoiak sustatzen ari gara. Horrez gain, Euskadi Fundazioa txirrindulari taldearekin, OCETArekin eta Debako Udalarekin batera, Basotik Txirrindulari Festa antolatzen ari gara, kirola, basoa, lurraldea eta herritarren parte-hartzea uztartzeko.

Ongizatearen eta zaintzaren arloan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Zaintza eta Gizarte Politika Departamentuarekin ari gara lanean, basoa egoitzetako pertsonei hurbiltzeko. Gastronomiaren ikuspegitik, berriz, Basque Culinary Centerrekin basoaren balio berriak lantzen ari gara, gastronomia, jasangarritasuna, prestakuntza eta baso jangarria uztartuz.
BasoHUBen bidez, Gipuzkoa berrikuntza forestalean eta basoen zaintzaren inguruko elkarlanean erreferente bihurtzea dugu helburu.

Gipuzkoako baso-ondarea hurrengo belaunaldientzat
BSTK Basotik Fundaziotik helburu nagusi bat dugu: Gipuzkoako baso-ondarea hurrengo belaunaldientzat egoera hobean uztea. Horretarako, ezinbestekoa da baso-kudeaketa jasangarria indartzea, baso-jabeei laguntza eskaintzea eta herritarrei basoek duten balioa hurbiltzea.
“Gaur aurkeztu ditugun datuen atzean helburu handiagoa dago: Gipuzkoako baso-ondarea hurrengo belaunaldientzat egoera hobean uztea. Basotik ez da soilik gaurko behar bati emandako erantzuna; biharko Gipuzkoa prestatzeko tresna da”, adierazi du Xabier Arrutik.
 

 

 

 

 

Zer egin dezakezu zuk

Gipuzkoako ingurumenaren eta biodibertsitatearen babesaren aldeko borroka honetan?

Parte hartu gure jardueretan
Lagun iezaguzu gure kausaren berri ematen

Ingurumenarekiko konpromisoa guztiona da.

Eskerrik asko