Gipuzkoako basoen diagnostikoak egiteko kontratazio publikoa irekita
Basotik Fundazioak Gipuzkoako basoen diagnostikoak egiteko kontratazio publikoa ireki du.
Basotik Fundazioak martxan jarri du Gipuzkoako hainbat udalerritako baso-azaleretan diagnostiko eta kubikazio lanak egiteko kontratazio publikoa. Zerbitzu horiek funtsezkoak dira lurraldeko basoen egoera ezagutzeko eta, ondoren, kudeaketa jasangarri eta integral bat ezartzeko, Fundazioak jabeekin sinatzen dituen kudeaketa-kontratuen aurretik.
Diagnostiko-lanek basoen egungo egoera zehaztea dute helburu: espezieak, estaldura, adina, egitura, osasun egoera, egindako hobekuntzak, masa mota eta kubikazioa, besteak beste. Horretarako, teknikariek lursail guztiak bisitatu beharko dituzte, errodalizazioa egiaztatu, laginketa-parzelak egin, zuhaitzak oinez neurtu.
Diagnostiko-lanak 4 lotetan banatu dira, eskualdeen arabera:
- 1. lotea: Debagoiena eta Debabarrena
- 2. lotea: Goierri eta Urola Garaia
- 3. lotea: Urola Kosta
- 4. lotea: Bidasoa-Txingudi, Tolosaldea, Oarsoaldea, Buruntzaldea eta Donostia
Kontratazio honen gehienezko aurrekontua 279.907,50 € da (BEZ gabe).
Basotik Fundazioaren ikuspegia: basoen kudeaketa integrala eskaini aurretiko pauso giltzarria
Fundazioa sortu zen Gipuzkoako baso-ondarea modu jasangarrian kudeatu eta jabetzak abandonatzea saihesteko. Basoen egoera xeheki ezagutzea ezinbesteko urratsa da jabeekin kudeaketa kontratu eraginkorrak sinatu aurretik. Diagnostiko horiei esker, Fundazioak proposamen tekniko egokiak egin ditzake, eta basoen kudeaketa profesional, ekologiko eta epe luzerako bideragarria bermatu.
Zer egin dezakezu zuk
Gipuzkoako ingurumenaren eta biodibertsitatearen babesaren aldeko borroka honetan?
Ingurumenarekiko konpromisoa guztiona da.
Eskerrik asko