200 basojaberen 1.800 hektarea baino gehiago kudeatzen ditugu

BSTK Basotik Fundazioak ia bikoiztu egin du bere jarduera Gipuzkoan: 1.800 hektarea baino gehiago kudeatzen ditu eta baso-lanak nabarmen hazi dira 2026an.

900 familia baino gehiagok erakutsi dute Basotik Fundazioaren parte izateko interesa, eta 2026an hazkunde nabarmena izan dugu landaketetan, garbiketa-lanetan eta aprobetxamenduetan.

2026/06/25

BSTK Basotik Fundaziotik 200 baso-jaberen 1.800 hektarea baino gehiago kudeatzen ditugu gaur egun Gipuzkoan. Hasieratik gaur arte, 900 familia baino gehiagok erakutsi dute gure Fundazioaren parte izateko interesa.

Landaketak: 27 hektareatik 110 hektareara
Landaketei dagokienez, 2025ean 27 hektarea landatu genituen. 2026an, berriz, dagoeneko 110 hektarea landatu ditugu. Horrek esan nahi du 2026an landatutako azalera 2025ekoa baino lau aldiz handiagoa dela.

Garbiketa-lanak: 78 hektareatik 240 hektareara
Garbiketa-lanetan ere hazkunde nabarmena izan dugu. 2025ean 78 hektareatan egin genituen lanak; 2026an, berriz, 240 hektarea ditugu martxan edo planifikatuta. Lan horien helburua da zuhaitzen garapena erraztea, gehiegizko lehia saihestea, sute-arriskua murriztea eta biodibertsitatea errespetatzea.

Aprobetxamenduak: 16 hektareatik 127 hektareara
Aprobetxamenduen kasuan, 2025ean 16 hektareatan egin genituen lanak. 2026an, ordea, 127 hektareako jarduerak ditugu prestatuta edo martxan. Aprobetxamendu horiek diagnostikoa, baimenak, plangintza eta ondorengo leheneratzea eskatzen duten baso-kudeaketako esku-hartzeak dira.

Basotik Behatokiaren eta BasoHUBen datuak
Basotik Behatokia
Basotik Behatokiaren kontsultek herritarren informazio-beharra ere erakusten dute. Jasotako datuen arabera, gipuzkoarren % 86,5ek ez du ezagutzen, edo oso gutxi ezagutzen du, basoen egungo egoera. Bestalde, herritarren % 66k uste du basoa kudeatzea basoa zaintzea dela.

BasoHUBen datu nagusiak
BSTK Basotik Fundaziotik BasoHUB egitasmoaren bidez ere hainbat jarduera jarri ditugu martxan. Orain arte, BasoHUBen baitan 115 gizarte-ekintza egin ditugu, eta horietan 3.000 pertsonak baino gehiagok hartu dute parte zuzenean. Jardueren artean daude zuhaitz-landaketa herrikoiak, ongizatearekin lotutako jarduerak eta herritarren parte-hartzea sustatzeko ekimenak.

Etorkizuneko erronkak
Datu horiek erakusten dute BSTK Basotik Fundazioa sendotzen ari dela Gipuzkoako basoen kudeaketa jasangarrirako tresna gisa. Basojabeen konfiantzari, baso-lanen hazkundeari eta BasoHUBen bidez sortzen ari diren aliantzei esker, basoen zaintza gero eta modu zabalagoan eta partekatuagoan lantzen ari gara.

Hemendik aurrera, gure lehentasuna izango da kudeaketa-proposamenak jasotzeko zain dauden familiei erantzuten jarraitzea, martxan dauden baso-lanak garatzea eta Gipuzkoako basoen balioa herritarrengana hurbiltzen jarraitzea.

Zer egin dezakezu zuk

Gipuzkoako ingurumenaren eta biodibertsitatearen babesaren aldeko borroka honetan?

Parte hartu gure jardueretan
Lagun iezaguzu gure kausaren berri ematen

Ingurumenarekiko konpromisoa guztiona da.

Eskerrik asko