200 pertsona baino gehiago bildu dira Legazpiko zuhaitz-landaketan

BSTK-basotik-KM0-Legazpi-Zuhaitz-bat-babestu

Gipuzkoako Foru Aldundiak abiarazitako “Zuhaitz bat babestu” kanpainaren baitan egin da ekimena

2025/03/12

Giro paregabean eta jai giroan egin da gaur Legazpin "Zuhaitz bat babestu" kanpainaren baitako zuhaitz-landaketa jendetsua. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Legazpiko Udalak, Basotik Fundazioak eta Baserria KM0 enpresak elkarlanean antolatutako ekimen honek arrakasta handia izan du, eta 200 pertsona baino gehiago bildu dira ingurumenarekiko konpromisoa ospatzeko. Ekitaldia dinamizatzeko, antzerki talde batek jarduera bereziak eskaini ditu, eta parte-hartzaileek parrillada batez gozatzeko aukera izan dute, giro atseginean. "Familientzako esperientzia gogoangarria izan zedila nahi genuen, zuhaitzak landatzeaz gain, gure ingurune naturalarekiko konpromisoa elkarrekin ospatzeko", adierazi du Baserria KM0ko komunikazio-zuzendari Jose Pablo Larreak.

Bertan izan dira, besteak beste, Koldobike Olabide, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendaria, eta Eric Galveze, Legazpiko alkatea. Ingurumenaren kontserbazioa, garapen ekonomikoa eta gizarte-kohesioa izan dira ekimenaren oinarri nagusiak. BSTK Basotik Fundazioaren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiak basoen kudeaketa jasangarria sustatzen du, lurraldearen %60 baino gehiago hartzen duten basoen etorkizuna bermatzeko. "Zuhaitz bat babestu" kanpainaren baitan bertako haritzak (Quercus petraea) landatu dira, biodibertsitatea babesteko eta ekosistemen osasuna indartzeko.

BSTK Basotik Fundazioko gerentea den Jon Ander Ostolazak nabarmendu du fundazioaren funtsezko papera Gipuzkoako basoen kudeaketa jasangarrian. "Gaur hemen landatu diren haritzak tokiko basoetako ezkurretatik datoz, bertako espezieen jarraipena bermatuz eta gure basoen oreka naturala sendotuz", azaldu du. Horrez gain, ekimenaren dimentsio globala azpimarratu du: "Ez da soilik CO xurgatzea, baizik eta ekosistemak sendotzea eta komunitatearen parte-hartzea sustatzea klima-aldaketaren aurkako borrokan".

Bestalde, Larreak azpimarratu du herritarrek zuhaitz bat babestuz etorkizun jasangarriago baten eraikuntzan parte hartzen dutela. Baserria KM0 kooperatibak ekonomia zirkularra sustatzen du, eta euskal baserrietako produktuak etxeetara eramateko lan egiten du.

Gaurko landaketak argi utzi du herritarren borondatea eta naturarekiko konpromisoa elkartuz, etorkizun jasangarri baterantz urrats sendoak eman daitezkeela.

Zer egin dezakezu zuk

Gipuzkoako ingurumenaren eta biodibertsitatearen babesaren aldeko borroka honetan?

Parte hartu gure jardueretan
Lagun iezaguzu gure kausaren berri ematen

Ingurumenarekiko konpromisoa guztiona da.

Eskerrik asko