Negua basoan: isiltasun bizi bat
Abenduaren 21etik aurrera, neguak basoaren erritmoa eraldatzen du. Paisaia bareagoa bihurtzen da, zuhaitzek atseden begetatiboan sartzen dira eta lurzoruko kolore hotzek geldialdiaren irudia ematen dute.
Kanpotik hala dirudien arren, isiltasun horren azpian mugimendu sotila dago: negua ez da etenaldia, baizik eta basoak bere barne-dinamika pausatu baina funtsezkoa garatzen duen garaia. Aldi berean, urteko sasoirik egokiena da basoen kudeaketa modu seguruan eta eraginkorrean egiteko.
Isiltasunaren azpiko mugimendua
Faunak ere beste erritmo batera egokitzen du bere jarduna. Intsektuek lurpeko babeslekuetara egiten dute ihes: harrizuloak, enbor hutsak, egur usteldua… ezkutuan baina bizirik irauten dute, udaberrian berriro aktibatzeko prest. Mikrohabitat horiek errespetatzea ezinbestekoa da neguko lanetan.
Hegaztiak ikusgarriagoak dira urteko garai honetan; hostorik gabeko adarren artean, iparraldetik iritsitako espezieak ageri dira elikagai bila (Negu-txonta, Durdula, Oilagorra eta Birigarro hegagorria, besteak beste). Hotzarekin batera, mugimendu geldoago batera igarotzen dira, energia aurrezteko beharrak markatuta.
Ugaztun batzuk lozorro sakonean daude, hala nola trikua edo muxarra; beste batzuk, ordea, azeriak edo orkatzak bezala, aktibo jarraitzen dute, baina neurritasun zorrotzez, negu gogorrari aurre egiteko. Urtxintxek udazkenean pilatutako biltegietan dute arnasa, eta narrasti zein anfibioak lurpean gordetzen dira, ia ikusezin bihurtuta.
Neguaren lasaitasun horretan, biodibertsitatearen zikloek euren erritmoari eusten diote. Basoaren osasuna ez da udaberriko kolorean edo udako loraldian bakarrik neurtzen: neguan egiten diren egokitzapen sotil eta iraunkorrek ere osatzen dute ekosistemaren oreka.
Negua, gizakiaren eta basoaren arteko jardun zahar eta berrien garaia
Geldialdiaren irudia ematen duen paisaia horretan, gizakiak ere badu bere erritmo berezia. Negua da, historikoki, basoa aprobetxatzeko eta zaintzeko garairik garrantzitsuenetarikoa. Zuhaitzek izerdia eten, lurzorua agerian jarri eta landaredia baretu egiten denean, aukera irekitzen dira bai tradizioetan, bai gaur egungo kudeaketan.
Garai honetan egiten zen egurra moztea, egurra lehor eta sendo bilakatzeko. Negua zen ikazkinen sasoia, egur piloa estali eta ke isilen bidez ikatza sortzen zeneko garaia; lan geldo baina zehatza, basoaren erritmoari zorrotz jarraitzen ziona. Tradizioak berak jaso du irudi hori: Olentzero, ikazkina, neguko basoaren eta gizakiaren arteko harremanaren sinbolo bihurtu zen.
Sastrakak kentzeko eta baso-bideak konpontzeko unerik egokiena ere bada negua; landarediak atseden hartzen duenean, lurra argiago azaleratzen da eta lanak kalte gutxiago eragiten du. Ehizak, garai honetan, mendien erritmo naturalarekin bat egiten du, historian komunitate askoren elikadura osagarria izan den jarduera bat izanik, eta gaur egun oreka ekologikoaren parte diren kudeaketa planetara egokitua.
Bestalde, negua eta udaberri hasiera dira zuhaitz-landaketarako sasoirik egokienak: lur hotzean sustraiak indartu egiten dira udaberriko hazkundea iritsi aurretik. Horrela berritzen ziren baso zaharrak, eta hala berreskuratzen dira gaur egun ere eremu degradatuak, espezie egokiak sartuz eta basoaren etorkizuna bermatuz.
Neguko lanetan sortzen diren egur-hondarrek ere badute bere zentzua: lehen ikatz bihurtzen ziren; gaur egun, biomasa energetiko. Material horrek karbonoaren ziklo naturala osatzen laguntzen du eta basoen osasunean eragin positiboa du.
Neguaren isiltasunean, artisau askok ere bilatzen dute basoko material egokia: zur malguak, adar lodituak edo otargintzarako piezak, denak ere hezetasun egokiko unean biltzen direnak. Eta abeltzaintzak ere badu bere tokia: ganaduak beheko larreetara egiten du jauzi, basoak aterpea eta babesa eskainiz.
Basoa berritzeko unea
Kudeaketaren ikuspegitik, neguak aukera paregabeak eskaintzen ditu. Zuhaitzen egitura argiago ikusten da, sarbidea errazagoa da eta landaredia urria denez, lan teknikoak kalitate handiagoz egin daitezke: baso-diagnostikoak, inausketak, sastraken kontrola edo baso-bideen mantenua.
Landaketak egiteko unerik egokiena ere bada. Lurra hotza izan arren, zuhaitz gazteek sustraiak errotzeko aukera hobea izaten dute neguan, udaberriko hazkundeak indartu baino lehen. Horregatik, eremu degradatuak leheneratzeko, baso zaharrak berritzeko edo espezie egokiak sartzeko tarte eraginkorra da.
Neguko lanen ondorioz sortzen diren egur-hondarrak, askotan hondakin gisa ikusten diren arren, baliabide bihurtzen dira: biomasa energetiko. Ikuspegi jasangarri batetik, material horrek karbono-zirkulartasuna indartzen du eta basoaren osasunari mesede egiten dio.
Negua iristean, basoa baretu egiten da, baina BSTK Basotik Fundazioaren jarduna bizitu egiten da. Urtaro honetan egiten den lanak ezartzen du, neurri handi batean, urte osoko kudeaketaren kalitatea eta basoaren etorkizunaren sendotasuna. Helburua argia da: basojabeekin batera, baso osasuntsu eta iraunkorrak eraikitzea, Gipuzkoaren ondare naturala ondorengoei transmititzeko.
Negua ez da geldialdia: basoak, isilean, bere etorkizuna prestatzen duen garaia da.
Zer egin dezakezu zuk
Gipuzkoako ingurumenaren eta biodibertsitatearen babesaren aldeko borroka honetan?
Ingurumenarekiko konpromisoa guztiona da.
Eskerrik asko