Udako lanak Gipuzkoako basoetan

Udan, BSTK Basotik Fundazioak Gipuzkoako basoetan landaketen jarraipena, mantentze-lanak, prebentzioa eta biodibertsitatea lantzen ditu.

Gipuzkoako basoek udako beroa arintzen dute, eta gure mendiak modu jasangarrian zaintzearen garrantzia gogorarazten digute.

2026/06/29

Uda garai kritikoa da Gipuzkoako basoentzat. Izan ere, tenperaturen igoerak, ur-eskasiak, landarediaren hazkunde biziak eta naturguneen aisialdi-erabilera handiagoak arreta berezia eskatzen dute urte-sasoi honetan. Horregatik, BSTK Basotik Fundazioak hainbat jarduketari eutsiko dio datozen hilabeteetan, mendiak zaintzeko, haien osasuna sendotzeko eta baso-kudeaketa jasangarriari segida emateko.

Landaketen eta zuhaitz gazteen jarraipena
Udako zereginen artean, aurreko hilabeteetan egindako landaketen jarraipena izango da nagusietako bat. Garai honetan, zuhaitz gazteek gogor jasan ditzakete ur-faltaren, gainerako landareen lehiarako joeraren edota faunaren presioaren ondorioak.

Lurrean bertan egiten diren kontrolei esker, landaketa berrien bilakaera bertatik bertara ezagutu, arazoak garaiz antzeman eta erabaki azkarrak har daitezke. Jarraipen hori funtsezkoa da landatutako zuhaitzek aurrera egin dezaten eta baso-masa berriak egoki gara daitezen bermatzeko.

Azken urteotan, bilakaera argia izan da. 2024a prestaketa-urtea izan zen: lizitazioak diseinatu, prozedurak zehaztu eta eskala handiagoan lan egiteko oinarriak ezarri ziren. 2025ean egin ziren lehen landaketa esanguratsuak, 27 hektareatan. 2026an, berriz, Basotikek jauzi kuantitatibo garrantzitsua eman du, 110 hektarea landatuta.

Landarediaren kontrol selektiboa eta mantentze-lanak
Landaketez gain, BSTK Basotik Fundazioak arreta berezia jarri du udako mantentze-lanetan azken urteotan. Udako hilabeteetan landaredia indarrez hazten denez, zenbait lursailetan argiagatik, uragatik eta mantenugaiengatik lehian has daiteke zuhaitz gazteekin. Helburua oreka bilatzea da: zuhaitzek behar duten espazioa izatea eta gehiegizko lehia saihestea, baina, aldi berean, biodibertsitatea mantenduz eta ekosistemaren funtzionamendu naturala errespetatuz.

Horregatik, kasu bakoitza banan-banan aztertzen da. Baso guztiek ez dute esku-hartze bera behar; askotan, erabakirik egokiena ez da dena soiltzea, behar den tokian eta behar den intentsitatearekin jardutea baizik.

Datuek bilakaera oso esanguratsua erakusten dute: 2024an 30 hektareatan egin ziren mantentze-lanak; 2025ean, 78 hektareatan; eta 2026an dagoeneko 220 hektarea daude martxan edo planifikatuta. Bi urteren buruan, lan mota horien bolumena zazpi aldiz baino gehiago handitu da.

Beroari eta baso-arriskuei aurre egiteko prebentzioa
Udan prebentzioa ere indartu beharra dago. Tenperatura altuek, aldi lehorrek eta landare-materiala pilatzeak zenbait eremuren zaurgarritasuna areagotu dezakete. Sarbideak mantentzea, baso-bideak berrikustea, puntu jakin batzuetan biomasa gutxitzea eta lursailetara sartzea erraztea ezinbesteko lanak dira segurtasuna hobetzeko eta ezustekoen aurrean erantzun gaitasuna indartzeko.

Ekintza horiek garrantzi berezia hartzen dute klima-aldaketak baldintzatutako testuinguru honetan. Izan ere, basoek hobeto prestatuta egon behar dute lehorteen, gaixotasunen, izurriteen edo muturreko fenomeno meteorologikoen aurrean. Baso-kudeaketa jasangarriak ez ditu arrisku guztiak desagerarazten, baina mendien zaurgarritasuna gutxitzen eta egoera berrira egokitzeko gaitasuna hobetzen laguntzen du.

Diagnostiko teknikoa eta basojabeei laguntza
Uda garai egokia izango da, halaber, landa-bisitekin, diagnostiko teknikoekin eta lursail berrien jarraipenarekin jarraitzeko. Edozein jarduketa zehaztu aurretik, BSTK Basotik Fundazioak lurraren egoera aztertzen du, eta kasu bakoitzera egokitutako lan-orria proposatzen du. Laguntza hori bereziki garrantzitsua da basojabeentzat. Helburua da lursail bakoitzak bere egoerara, potentzialera eta baso osoaren beharretara egokitutako esku-hartzea izatea.

Basoak zaintzea, udan ere bai
Gipuzkoako basoak ez dira espazio estatikoak. Aldatu, hazi eta egokitu egiten dira, eta urte osoan zehar behar dute zaintza. Udan, behar hori bereziki agerikoa da: basoak itzala, freskotasuna eta ongizatea eskaintzen dizkigu, baina, aldi berean, urte-sasoi gogor bati egin behar dio aurre.

Landaketen, mantentze-lanen eta egur-aprobetxamenduen datuek argi uzten dute BSTK Basotik Fundazioa gero eta kudeaketa zuzenagoa eta eraginkorragoa egiten ari dela lurrean bertan. Lanerako baldintzak sortzera bideratutako lehen etapa baten ondoren, gaur egun jarduera Gipuzkoako ehunka lursailetan islatzen ari da.

Basoak udan zein urte osoan zaintzeak arriskuak prebenitzea, biodibertsitatea indartzea, basoen osasuna hobetzea eta Gipuzkoarentzat funtsezkoa den natura-ondarea babestea dakar.


 

Zer egin dezakezu zuk

Gipuzkoako ingurumenaren eta biodibertsitatearen babesaren aldeko borroka honetan?

Parte hartu gure jardueretan
Lagun iezaguzu gure kausaren berri ematen

Ingurumenarekiko konpromisoa guztiona da.

Eskerrik asko